Herri batzarraren asmoa zeraindarrak informatzetik urrun, gezur eta egia erdiekin
herritarren arteko zatiketa areagotu eta udal gobernuaren miseriak besteoi leporatzea
dela ikusirik, etxe guztietara banatu berri den informazioari erantzun bat emateko beharra
sentitu dugu.
Herritar talde handi baten ordezkari garen Zeraingo Herri Kandidaturako hiru zinegotzioi
gure lana egin ahal izateko informazioa legez kanpo ukatzen zaigun bitartean, etxe
guztietara informazio aukeratua, tendentziosoa eta askotan okerra bidaltzeak gertatzen
denaren irudi oso okerra ematen du.
Ez dugu asko luzatu nahi, baina zenbait baieztapen eta akusazio larriren aurrean udal
gobernuari honako mezu hauek luzatu nahi genizkioke, eta balio bezate, bide batez,
herritarren hausnarketarako:
-Udal gobernuan zaudetenak, Zeraingo EH Bildu, alegia, izan zineten “herri handietan”
ohikoa den gobernu-oposizio sistema hau Zerainen ezarri zenutenak.
-Oposizio bezala Zeraingo Herri Kandidaturaren betebehar nagusia udal gobernuaren
lana fiskalizatzea da, behartuta gaude zuek gaizki egindakoa zuzentzen saiatzera, eta
hori posible ez bada SALATZERA. Hala egin ezean, udal gobernuak gaizki
egindakoaren konplize egingo genuke gure burua.
Lan hori burutu ahal izateko, udal gobernuak duen informazio guztia izateko eskubidea
du oposizioak, eta udal gobernuak informazio hori emateko obligazioa. Zerainen
betetzen ez den obligazioa, eta horrenbestez, urratzen den eskubidea.
-Ez TXIRBIL Kooperatibak, eta ez Zeraingo Herri Kandidaturak ere, ez du zigor jakin
bat eskatu Amaia Junquerarentzat. Amaia Junquerak lege hauste larri bat egin zuen
jakinaren gainean enpresa publiko bat legez kanpo itxi zuenean.
2020ko uztailaren 8an udalbatzaren aurrean azalpenak emateko aukera eman genion
arren, Amaia Junquerak azalpenak emateari muzin egin ostean “ba salatu” izan zen
bere ahotik jaso genuen erantzun bakarra.
Zeraingo Herri Kandidaturako ordezkariok ekintza larri hau salatzeko obligazioa
genuen (hala jakinarazi zigun momentuan zegoen idazkariak) eta hala egin genuen.
Txostenean aipatzen diren zigorrak, horrelako lege hauste larri baten aurrean legeak
ezarriak dituenak dira.
Gipuzkoako fiskaltza da epaileari zigor jakin bat eskatu dion bakarra, 11 urtetarako
ezgaitze berezia hain zuzen ere. Fiskalak prebarikazio kasu larria ikusi du Amaia
Junqueraren ekintza honetan.
Horrelako salaketa larri baten aurrean, duintasun izpi bat duen edozein alkatek
dimisioa aurkeztuko zukeen demokrazia apur bat dagoen beste edozein herri handi
edo txiki batean, bere borondatez ez bada bere taldekideek eskatuta. Zerainen ordea,
oposizioari gastu ekonomiko bat sortaraztea leporatzea baino ezer hoberik ez zaio
bururatzen udal gobernuari.
Jakin bezate herritarrek, Zeraingo Herri Kandidatura legeak behartzen duela delitu larri
hau salatzera, eta horretarako poltsikotik jartzen duela dirua. Lege hauste larria egin
zuen Amaia Junquerak aldiz, diru publikoa erabiltzen du bere defentsarako.
-Idazkarien joan etorriari dagokionean, larria iruditzen zaigu espekulazioekin hauen
arrazoi pertsonalak argitaratzea. Garbi dagoen gauza bakarra da, oposizioaren
presioak ez duela inongo ondorio juridikorik izango idazkariarengan; bai ordea udal
gobernuaren edozein ustelkeriak.
Udal gobernuak ondotxo daki beraiek ez bezala guk ez dugula ustelkeriarik salatzen
informazioa eta frogak izan gabe, eta hain zuzen ere hori da guri informazioa ukatzeko
arrazoia, hau bera ere delitua izanik. 2020an Zerainen ez ziren ospatu legez
derrigorrezkoak diren lau ohiko osoko bilkurak, urtebete baino gehiago daramagu akta
bat jaso gabe (beraz zuzendu gabe). Aipatuko ez ditugun ustelkeria kasu ugari ditu
udal gobernuak, eta deliberatuki gure betebeharrak burutzeko informazioa ukatzen
zaigu.
Horrek bai, izan dezake idazkariarentzat eta udal gobernukideentzat ondorio
juridikorik, beraz badu nondik hasia idazkariak hainbeste kezkatzen badu.
-Herri lurren kudeaketari dagokionez, Zeraingo Herri Kandidaturak ez du kexa bat bera
ere jarri. Errementari etxebizitzaren egoera larriaren aurrean udal gobernuak hartu
beharreko neurririk hartzen ez dituenez eta bertako lurrak inongo segurtasun neurririk
jarri gabe erabiltzen direlako kexatu zen Zeraingo Herri Kandidatura.
-Azkenik, berriro ere udal gobernuari, frogarik gabe eta izen propioak erabiliz, zatiketa
eta mina zabaltzeari uzteko deia egiten diogu.