Zerainen ere adierazpen askatasunik ez; demokraziarik ez

Zeraingo Herri Kandidaturak, udal gobernuak deitutako herri batzarraren aurrean ondorengo hausnarketa hau egiten du:

  • Herri bileraren eredua 1979an sortu zen Zerainen eta Zeraingo Herri Kandidatura erabat bat dator herri bileretan oinarritutako gobernantza ereduarekin.
  • EH-BILDU Udaleko gobernuan dagoenetik, 2015etik gaurdaino, ZHKak herri batzarretan parte hartu du. Bost urte eta erdi hauetan EH-BILDUk ez du aintzakotzat hartu ZHKren ekarpen bat bakarra ere eta askotan hitz egiteko ere zailtasunak jarri dizkio.
  • Udalak herri batzarraren ondoren etxeetara bidali ohi duen txostenean inoiz ez da ZHK-k esandakorik zabaldu, hala egiteko espreski eskatu bada ere. Zeraingo Udal Gobernuak berak nahi duen informazioa soilik eta berak nahi duen moduan —sarri, errealitatetik erabat urrunduta— zabaltzeko erabiltzen du herri batzarra.
  • Herri batzarrean gertatu bezala, EH-BILDUko Udal Gobernuak erabat baztertu du ZHK komisio ireki denetatik, bilerak egin eta parte-hartzea sustatzen dela esan arren, azken erabaki guztiak alkateak berak hartuz. Hori gutxi balitz, Zeraingo Herri Kandidaturako zinegotzi bat Udaleko azkeneko ez-ohiko bilkuratik kaleratu zuen alkateak, hitza eskatzeagatik.
  • Gure ustez EH-BILDUk zuzendutako herri batzar hauek ez dute betetzen herri batzar batek bete behar lukeen funtzioa elkarrizketa eta iritzi trukaketa foro bezala. Udal Gobernuaren edo EH-BILDU eta bere jarraitzaileen batzarrak dei lekieke; baina ez herri batzarrak, herritar guztiok ez baikaude bertan ordezkatuta eta guztiok ez baitaukagu aukerarik joko-arau berberetan parte hartzeko. Informazioa ukatzen zaigu, iritzia ematea ukatzen zaigu, ekarpenak egitea ukatzen zaigu…

Guk, gaur egun Zerainen faltan botatzen dugun elkarrizketarako foro baten alde lanean jarraituko dugu.

 

 

Zerainen, 2021eko otsailaren 22an

 

https://www.diariovasco.com/tolosa-goierri/bost-urte-erdi-20210224001518-ntvo.html